Azaroak 25

2021-12-01

Aurreko ostegunean, azaroaren 25ean, Emakumearen kontrako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna izan zen. Herri eta hiri askotan ekintza ezberdinak burutu ziren, eta Barrutialde BHIn ere egun hau aldarrikatu nahi izan genuen. 

Gure zentroan Batxilergo eta Lanbide Heziketan ehuneko handi bat gizonak izanik, beharrezkoa ikusi genuen egun honetan gure ikasleentzat ezagunak ziren testuinguruetako indarkeriak jorratzea. Aukeratu genituen gaiak Harreman toxikoak vs harreman osasuntsuak eta Genero indarkeria gaueko aisialdian izan ziren. 

Hausnarketa batekin hasi genuen eguna. Horretarako, eta noski, ikasleen buruak martxan jartzeko, aipatutako gaien inguruko bideoak ikusi genituen. Talde txikitan, agertutako arazo/egoerei buruzko gogoeta egin ondoren, proposamen ezberdinak planteatu zituzten. 

Ikasleen proposamen guztiak gimnasioan antolatu zen mahai-inguruan aztertu eta eztabaidatu ziren. Hiruki Larroxa elkartetik Joseba etorri zitzaigun moderatzaile lanak egitera. 

Benetan aberasgarria izan zen eguna. 

Indarkeria matxistarik ez!